XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horra eginbeharra: euskalkien sena fonetikoa letra idatzien iragazkitik pasa.

Eta hau gauetik goizera lortzekoa ez bada ere, horretan gara, eta horretaz jabetzea dugu lehenbiziko lana: arazoak ezagutzea alegia.

Ohar zehatzetan sartzeke, hona zaindu eta landu behar ditugunak.

Euskara batua eta euskalkien fonetika.
Euskara batuak (idatzaraudi den aldetik) eta euskararen bateratze prozesu soziologikoak berak, ez dute ematen fonologi interpretazio bakarra zenbait puntutan.

Euskalki desberdinek, bestetik, indartsu dauden lekuetan eta eredu batuarekiko urruntasunaren arabera, arazo ukaezinak planteatzen dituzte, konpromezuzko irtenbideak eta progresibitatea eskatzen dutelarik.

Bertako irakasle-taldearen lana da, estrategia egokiena finkaturik, ama-hizkuntza errealetik euskara standard-idatzirako zubia egitea, norberaren fonetika jakituria inpresionistaren anarkian utzi gabe.

Erdararen interferentziak
Azentu eta doinuen arazo nahasi bezain ukigaitzetan sartu gabe ere (intuizioa baliatuko ahal zaigu!), maila sinpleagotan, fonema soilen ebakeran ere, izurriaren disimulo eta geldigaiztasun berberaz ari zaizkigu hedatzen erdal ereduzko fonematismoak, eta beharbada letra idatziaren erreferentzia mantentzen delako edo, ez ditugu erreparatzen edo txikikeriatzat dauzkagu.

Yeismoa, adibidez, urte gutxitatik hona normaldu da euskaraz.

Martxa honetan, aurki, erdal fonetika ondo ezagutzen ez duenak ez du zenbaiten euskararik ulertuko.

Ez da noski fonetika mailakoa bakarrik interferentzien arazoa.

Ez ahaztu euskaldunik gehienak euskaraz ere badakitenak direla, eta hala beharko du aurrerantzean ere euskalduntzeak aurrera egingo badu.

Baina bai, aipatu bezala, disimulatuago gertatzen delako, arreta berezia eskatzen duena.

Eta zuzentzen ere lanak ematen ditu, ohitura fonetikoak automatizatu egiten baitira hiztunen baitan.

Grafia engainagarriak
Hizkuntza guztietan bezala (neurri desberdinetan), ez dira beti grafia eta fonetika erlazio zuzen garbian egoten.

Adibidez, tz bi letraz osatzen da, baina fonema bakarraren adierazpena da (digrafo bat, beraz).

Edo i letrari euskaraz gutxienez hiru irakurketa fonetiko dagozkio: bokala, semibokala (diptongoetan) eta kontsonantea (adibidez anaia).